Herri askotan izaten da sokamuturra, baina Azpeitikoa desberdina da. Izan ere, Azpeitian baino ez da egoten soka argoila bati lotuta. Durangon ere bai toki batean, baina argoilari pare bat buelta ematen dizkiote sokarekin, erabat lotu gabe. Beste auzo eta herrietan oro har ganadutegietako kideak ibiltzen dira zezenaren edo larre-behiaren atzetik sokarekin.

1518rako izaten zen Azpeitian zezena; sokamuturra, alegia. Baina zezena gurean beti ez da ibili sokarekin; libre ere ibili da. Esaterako, 1960ko hamarkadan Pilotalekuan solte izaten zuten, parkean.

Azkeneko urte pilan sokamutilak daude Azpeitiko sokamuturrean. Garai batean, lau mutil aritzen ziren irteera bakoitzeko, gaur egun bost. Taldea berritzen joaten dira. Ganadutegikoek lotzen diote zezenari lepoan soka, eta hau gero mutilek ibiltzen dute, kalez kale. 50-55 metroko soka da. Zuriz jantzita joaten dira, gerriko eta lepoko zapi gorriarekin.

Euren borondatez jarduten dute, zaletasunagatik. Lan handia da. Herriko festa nagusiak kontuan hartuz gero, karnabaletan igandean 12:00-12:30 eta 16:30-20:00 artean izaten da sokamuturra, astelehenean 16:30-20:00 artean, eta asteartean 7:00-10:00 eta 16:30-20:00 bitartean; San Sebastian egunean 12:00-12:30 eta 16:30-20:00 artean. Gogorra egiten da, sokak pisua duelako, astuna baita. Behin, adibidez, Etxe-Zurinekoan pisatu zuten eta 92 kilo harrapatu zituen, zikinkeria asko zeukalako.

Mutilek beraiek prestatzen dute zezeneko soka, Donostiatik ekarrita. Espainian egiten da soka, eta materiala Asia eta Afrikakoa da.

2009ko urriaren 16an Jexux Artola herriko argazki elkarteko kideak Azpeitiko sokamutilak DVDa argitaratu zuen. 1954koa da laneko irudirik zaharrena. “58 sokamutilen argazkiak daude DVDan. Ez dakit denak dauden; beste sokamutilik ba al da?”, zioen Artolak. Ez dago datu zehatzik baina parte-hartzea, behintzat, handia izan da.

sokamutilak2.jpg

sokamutilak1.jpg