Sokamuturra 2016 argazki lehiaketaren sariak banatuta, zabalik da erakusketa

Martxoak 05, 2016 0 Sokamuturra

(albistea: Azpeitiko Argazki Elkartea) Larunbat honetan, Betharram aretoan, 'Imanol Elias' Sokamuturra 2016 argazki lehiaketaren eta 'Iñaki Joaristi Altzarte' karnabal giroko argazki onenaren sari banaketa egin dugu. Jadanik ohitura den bezala, sariekin batera, Imanol eta Iñaki gogoratuz lore sorta bana jaso dute lehiaketaren irabazle Xanti Eliasek –haren emazteak jaso du, berak ezin izan du-eta ekitaldira joan– eta karnabal giroko argazki onenaren irabazle Iñaki Etxenagusiak, hurrenez hurren.

Jai karnabal eguerdiko zezeneko bideoa

Otsailak 29, 2016 0 Sokamuturra

2016ko karnabalak. Otsailak 7, igandea. Bergarako Zezenak ganadutegia. Sokamutil ohi Aitor Unanue, Iñaki Zuloaga, Haritz Segurola Xague, Fernando Arakistain eta Aitor Iriarte Txato-k egindako irteera. Norbanakoek grabatu eta Zezen Beltz elkartearen Whatsappera bidalitako bideoekin eginiko montajea da. Beste egunetakoekin ere egingo dugu. Eskerrik asko denei! (bidaltzaileen artean Oskitz Aldalurri tokatu zitzaion afaria)

'Azpeitiko sokamuturra. Soka ez da eten' dokumentalak, bost urte

Otsailak 26, 2016 0 Sokamuturra

Gaur bost urte aurkeztu zuen Zezen Beltz elkarteak Azpeitiko sokamuturra. Soka ez da eten dokumentala; 2011ko otsailaren 26a zen, eta leporaino bete zen Sanagustin kulturgunea. Herriko sokamuturraren tradizioa kontatzen du lanak –ia 500 urteko historia du–, baita sokaren istorioak eta sokamutilen eta ganadutegien lana ere. 2012an, dokumentala sarean osorik ikusgai jarri genuen, eta irakurgai ere bai, liburu formatoan. 2013an, berriz, laburpena katalanez, espainolez, frantsesez eta ingelesez jarri genuen. Enekoitz Esnaola kazetaria izan zen Soka ez da eten-en zuzendaria eta Lara Madinabeitia, errealizadorea. Dokumentalak oso harrera ona eduki zuen, mila aleko tiradatik 900 saldu baitziren; oraindik ere eskatzen du jendeak. BEHEAN, OSORIK IKUSGAI.

Oskitz Aldalurri tokatu zaio afaria

Otsailak 18, 2016 0 Sokamuturra

Hark ere bidali zizkion Zezen Beltzi karnabaletako sokamuturreko bideo laburrak, eta bi heldu eta bi haurrentzako afaria (Zuhatz taberna) egokitu zaio zozketan. Elkartearen hiru elastiko ere zozketatu ditugu, eta haien irabazleak dira: Vanessa Ridruejo, Jaione Uranga eta Imanol Aramendi. Lehen aldiz eskatu diogu jendeari zezeneko eta zezen giroko bideo txikiak bidaltzeko, ikusentzuneko artxiboa osa dezagun, eta 121 jaso ditugu; 25 lagunek bidali dituzte. Eskerrik asko denei!

Sokamuturreko 121 bideo, eta 25 bidaltzaile

Otsailak 16, 2016 0 Sokamuturra

Zezen Beltz elkarteak jendeari karnabaletako sokamuturreko bideo laburrak eskatu dizkio aurten, lehen aldiz, ikusentzuneko artxiboa osatzen joateko, eta emaitza ederra izan da: 121 bideo jaso ditugu, eta 25 lagunek bidali dituzte. Joan den igandean bukatu zen epea, orain montaje lan bat egiten ari gara, eta irudiak jarriko ditugu elkartearen YouTubeko kanalean. 25 bidaltzaileen artean aste honetan zozketatuko dugu bi lagunentzako afaria, eta Zezen Beltzen elastiko batzuk ere zozketatuko ditugu; emango dugu horien berri ere. Eskerrik asko denei! Bideoa: Mikel Perezek bidalia.

6.orria, 33(e)tik
6