Asier Berasategi: "Hitz egiteko deitu zidaten eta joan nintzenerako nire izena jarrita zuten egutegian"

Otsailak 07, 2013 0 Commentarios Sokamutilak

Sokamutilen taldeko kide berria Karnabaletan aterako da aurreneko aldiz sokan. Urduritasun puntu batekin baina, batik bat, "gogo handiarekin" eta igande eguerdia iristeko zain dago Asier Berasategi. (elkarrizketa: uztarria.com)

Asier Berasategik (Azpeitia, 1990) 22 urterekin jantziko du lehen aldiz sokamutil 'trajea', Elegante egunez. Urduritasun puntu batekin baina, batik bat, "gogo handiarekin" eta igande eguerdia iristeko zain dago. "Txikitakik" bizi izan du gertutik sokamuturra eta anaia Alex ere sokamutila da. Igande eguerdikoan eta arratsaldekoan eta astelehen arratsaldekoan aterako da.

Anaiaren pausoak segituz edo inork esatearen beharrik ez zenuen?

Niri anaiak esan zidan ea sokamutil irtengo al nuen, baina neuk nahi nuen sokamutil irtetea.

Eta nola izan da, beraiek etorri zitzaizkizun bila edo zeu joan zara haiengana?

Nik anaiari esan nion sokamutil izatea gustatuko litzaidakela, baina ez nuen espero aukera hain azkar izatea. Ez nuen uste aurten hasiko nintzenik, datorren urtean irtetea espero nuen, baina jendez justu samar dabiltzala eta azkenean aurten irtengo dut.

Sokamuturrean asko ibilitakoa al zara?

Ikusten, behintzat, txiki-txikitatik. Aita ere oso zezenzalea da eta denda ere Errebalean daukagu, Nereanekoa naiz ni. Han betitik, zezena ikusten.

Eta zezenaren aurrean noiz hasi zinen?

12-13 urterekin barrera atzean eta 'topean' ibiltzen ginen.

Sustorik izan al duzu inoiz zezenarekin?

Karnabaletan gaupasa egin eta hurrengo egunean bakarren bat bai. Baina, txikitan ere zezen txikiekin sustoa pasatutakoa naiz, lurrera erori eta gainetik pasatu zitzaidan. Orduantxe hartu nion errespetu handiena zezenari.

Errespetua bai baina beldurrik ez?

Errespetua bai, baina beldurrik ez. Argi ibili behar da, lau begirekin. Aurreko urtean Elizkalean, Elegante egunean, zezena xaxatzen hasi nintzen, adarrarekin harrapatu eta prakak puskatu zizkidan, eta Elegante eguneko trajea txikituta. Aurten traje berria erostekoa nintzen, baina sokamutil irteteko esan didate eta trajerik erosi beharrik ez.

Sokamuturrean egun gustukorik ba al duzu?

Elegante Eguna, baina joan deneko hiru urtetan bazkaltzera joan izan gara eta askotan arratsaldeko zezenera garaiz ezin iritsita. Aurten pentsatuta nuen bazkaltzera ez joatea eta, zer eta neuk irten behar zezenean.

Koadrilan ez al dira oso zezenzaleak?

Batzuk badaude, baina beste batzuei ez zaie askorik inporta. Eta beti presa sartzen ibili behar.

Sokamuturrerako bereziki gustatzen zaizun tokiren bat?

Artzubia, lotzen duteneko hura; kantoia ere zabaldu zuten eta polita izaten da. Bestela, plaza dut gustukoa.

Noiztik dakizu irtengo zarela?

Ostiral honetan hiru aste izango dira. Hitz egitera joateko deitu zidaten eta joan nintzenerako egutegian nire izena jarrita zuten.

Anaiak aholkurik eman al dizu?

Momentuan ez. Igandean pixka bat lagunduko zidala esan zidan.

Zerbait berezia egin behar izaten al da estreinurako, prestaketaren bat?

Lehen gerritik gaizki ibili nintzen, korrika-eta utzita eduki ditut eta orain berriz hasi naiz prestatzen. Korrikan prestaketa eta indar pixka bat beharko da, Erdikaleko sprinterako eta.

Sokamutil izateak ardura ere eskatzen du. Parranda pixka bat alde batera utzi behar, akaso?

Errespetatu egin behar da, eta beti parrandan ezin da ibili. Hasieran pentsatzen nuen, orain gaztea izan eta parranda uztea... Baina, parranda bestela ere nahikoa egiten dugu eta sokamutil lana gustukoa dut. Ondo beteko dudala pentsatzen dut.

Elegante egunean eguerdian eta arratsaldean eta astelehen arratsaldean irtengo duzu.

Astearterako ere badaezpada prestatuta egoteko esan zidaten, baten batek min hartuz gero ere. Oskar [Osinalde] ere pixka bat 'xahartzen' hasi da eta belaunetik ez da ederki ibiltzen...  Adi egon beharko dugu ordurako. Ia gogoarekin nago karnabaletarako.

Etxean zer esaten dute?

Aita oso zezenzalea da eta gustura dago. Amak, berriz, arropa gehiago garbitu beharko duela dio, lan bat gehiago. Ama urduri dago, anaia hasi zenean ere bai. Baina hari ere gustatzen zaio zezena, eta lau eta erdietarako beti azaltzen da Eguzkitza aurrera. Etxean denok gara zezenzaleak. Aita ez dago ibilita, baina bai lehengusu bat, Joxeramon [Berasategi].

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Errefreskatu