Zezen Beltz VII. asteburua, bikaina

Urriak 26, 2015 0 Commentarios Zezen Beltz

Zezen Beltz VII. asteburua ere arrakastatsua izan da. Aurreko urteetan baino jende gehiago izan da, gainera, ekitaldietan, eta batzuetan aurreikuspenak gainditu egin dira. Bada afizioa! Aurrera segitzeko animoa ematen digu.

Larunbateko Grand Prixen, esaterako, bi mila lagun pasa azaldu zirenez, ilara handiak sortu ziren. Jende gutxiago biltzeagatik, lehen ez zen horrelako ilararik izaten, eta, beraz: batetik, sarrera erosteko minutu askoan zain egon behar izan zutenei sentitzen dugula esaten diegu, eta, bestetik, arazo hori datorren urterako konpontzen saiatuko gara. Kuadrilen arteko lehen lehiaketa izan zen Grand Prixen, bikaina: 26 lagun aritu ziren —jolasetan aurreneko aldiz neskek parte hartu zuten: bik—, eta bai haiek denek eta bai ikusleek arratsalde ederra pasatu zuten zezen plazan. Grand Prix enpresak ere esan zigun plaza ona dela Azpeitikoa, jendeak asko animatzen duelako.

Bi sokamutur txikietan —sokaneska-mutilak zirela gidari— eta zezen txiki eta pottoketan ere gaztetxo ugari ibili zen, eta Artzubiko zezen bolaztatuetan ere, jende asko.

Saiheski eta oilasko dastatzean generoa agortu egin zen. Aurten hitzordu haren garaian lehen aldiz animalia arraza ezberdinen erakusketa jarri dugu —bufaloa, Vietnamgo txerriak, idiak, behiak...—, eta oso harrera ona eduki du.

Ondorioz, Zezen Beltz elkarteak oso balorazio ona egin du VII. asteburuaz. Eskerrik asko parte hartzaile guztiei, eta eskerrak, era berean, antolatzen eta hura zabaltzen lagundu digutenei (udalari, udal brigadei, udaltzainei, DYAri, Grand Prix enpresari, hedabideei...).

Hurrengo hitzordua, azaroaren 14an (larunbata) izango dugu: Errebaleko festetako zezena. Eguerdian zezen txikiak eta arratsaldean helduen sokamuturra. Emango ditugu xehetasunak datozen egunetan.

VII. asteburuko argazkiak eta bideoak:

lehen eguna

bigarren eguna

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Errefreskatu