Helburuak beteta itzuli gara Lodosako sokamutur kongresutik

Irailak 07, 2015 0 Commentarios Sokamuturra

(albistean Azpeitiko 9 bideo). Pasa den aste bukaeran Lodosan (Nafarroa) izan gara Azpeitiko talde bat (35 bat lagun), sokamuturraren XII. kongresuan, Azpeitiko sokamuturra erakusteko eta hari buruzko kontuak azaltzeko. Helburuak beteta itzuli gara, gustura.

Ostiralean hasi zen topaketa, irekiera ekitaldi batekin. Sokamutur saioak, berriz, larunbat goiz eta arratsaldean eta igande goizean izan ziren. Denera, 18 herritako erakustaldiak. Azpeitikoa zapatu arratsaldean izan zen. Larunbatean aurretik, ordea, topaketa gastronomiko batean hartu genuen parte, stand bat jarriz geure produktuek¡n: gazta, menbrilloa, txakolia eta sagardoa. Estimatu zuen jendeak generoa, dena bukatu baitzen. Azpeitiko sokamuturreko irudi eta testu batzuk ikusgai ipini genituen, eta soka nola uztartzen den erakutsi genuen, froga praktiko bat eginez.

Larunbatean 19:30 aldera, gure sokamuturra Lodosako kaleetan, azkenean Eulogio Mateo ganadutegiko bi idiskorekin; oso ondo ibili ziren biak. Azpeitiko sokamutilek hiru lekutan lotu zuten zezena, erakustaldirako propio jarritako argoiletan. Izan ere, Azpeitiko sokamuturrean baino ez zen lotu zezena; besteetan sokarekin ibili zuten zezena, lotzeke.

Gurearen irteerako lehen zatia luze samarra zen, kamioitik aurreneko argoilara 500 metro zeudelako —Azpeitiko lehen zatiaren bikoitza—, baina erronkari ondo eutsi zioten sokamutilek. Gero etorri zen ezustea, hirugarren lotura egin eta zezena aldatzean: irten zuen bigarren idiskoak eta, topera heldu zenean, ustekabean hautsi egin zitzaion lepoko koilarea. Suertez, zezenak gertu zeukan zezen plaza, harainoko bidea dena hesiekin zegoen, eta zuzenean sartu zen han, ezbeharrik gertatu gabe. Orduan bukatu zen Azpeitiko saioa, uste baino 5-10 minutu lehenago.

Pozik geratu ginen saioarekin, eta ikusleek eta parte hartzaileek ere aipatu ziguten gustatu zitzaiela. Gauza bera esan ziguten duela bi urte Chivan (Valentzia, Herrialde Katalanak) parte hartu genuenean. Lodosakoa gure bigarren partaidetza izan da; joateko gonbitea jaso genuen.

Igandean, goizean beste erakustaldi batzuk izan ondoren, arratsaldean entzierroa izan zen, nobilloekin. Guretzat, baina, egun tristea zen atzokoa, goizean goiz abisatu zigutelako Azpeitiko auto istripuaz. Zezen Beltzen partetik ere doluminak eta animoak ezbeharreko biktimen sendiei eta inguruko besteei.

Ondo antolatu dute topaketa Lodosakoek, eta jende asko egon da, oro har. Zezen Beltz elkartearen izenean, mila esker antolatzaileei, baita gurekin batera hara joan diren azpeitiarrei eta bestelako lagunei ere; han zen, adibidez, udalaren ordezkari gisa, Agustin Lizarralde zinegotzia. Ondo pasatu dugu, eta beste herriekin harremanak sendotu eta berriak egin ditugu.

Orain urrira begira jarriko gara, Zezen Beltzen urteroko aste bukaera izango dugu eta.

Behean Azpeitiko bideo gehiago (eta beste herrietako batzuk, hemen).

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Errefreskatu